Google-ren Hotel Center

Zerbitzu-baldintzak

 

Google-ren Hotel Center-en Zerbitzu-baldintza hauek ("Baldintzak") Google Ireland Limited-ek ("Google") eta Baldintza hauek sinatuko dituen edo Baldintzak elektronikoki onartuko dituen entitateak ("Bidaia-bazkidea") adostuko dituzte. Bidaia-bazkideak Google-ren Hotel Center-i emango dion erabilera arautzen dute Baldintza hauek; besteak beste, haren zerbitzuei, eginbideei eta funtzioei emango dien erabilera ("Zerbitzuak"), zeinak (i) Bidaia-bazkideari Baldintzekin erlazionatuta emandako kontuen bidez ("Kontuak") atzitzen diren edo (ii) Baldintza hauei erreferentzia egiten dieten (guztiak batera, "Hotel Center"). 

 

1. Hotel Center erabiltzea.  Bidaia-bazkideak hainbat modutara bidal ditzake datuak, jarioak edo bestelako edukia ("Edukia") Hotel Center-era; besteak beste, Google-ren APIen bitartez. Bidaia-bazkideak onartzen du Google-k hari emandako argibideak eta zehaztapenak gordeta bidaliko duela Edukia. Baliteke Hotel Center-eko Edukia esportatu, estekatu, transferitu edo beste nolabait Google-ren beste zerbitzu batekin erabiltzeko funtzioa eskaintzea Google-k Bidaia-bazkideari. Kasu horretan, Google-ren zerbitzu jakin horren zehaztapenak eta baldintzak aplikatuko zaizkio Bidaia-bazkideak zerbitzu horri ematen dion erabilerari, baldin eta Baldintza hauek arautzen badute Bidaia-bazkideak Hotel Center-i emango dion erabilera. Bidaia-bazkideak Hotel Center-en Zerbitzu jakin batzuk erabiltzea aukeratzen badu, baliteke Zerbitzu horien berariazko baldintza bereizi batzuk onartu behar izatea. Hotel Center-en Zerbitzu batzuk "Beta" gisa edo beste modu batean ez-bateragarri edo isilpeko gisa identifikatzen dira ("Beta-eginbideak"). Bidaia-bazkideak ez du ezagutzera emango Beta-eginbideetako edo haiei buruzko informaziorik, ez eta publikoak ez diren ezein Beta-eginbideren existentzia edo haien baldintzarik ere. Google-k edo haren Filialek edozein unetan eten edo alda ditzakete Zerbitzuak (Beta-eginbideak barne), edo haiek eskaintzeari utzi. Baldintza hauei dagokienez, beharrezkoa denean Google zuzenean edo zeharka kontrolatzen duen, Google-k kontrolatzen duen, edo Google-rekin batera kontrolatzen den entitate bat da "Filial" bat.

 

2. Kontua. Bidaia-bazkideak Hotel Center erabili ahal izateko, Kontu bat edo gehiago sortu beharko ditu, eta Google-k onartu beharko dizkio. Kontuak egiaztatu ahal izateko (eta beharrezkoa denean), baliteke Google-k informazio gehiago eskatzea; besteak beste, entitatearen izen soziala, enpresak zer eskaintzen duen, kontaktu nagusia, telefono-zenbakia, helbidea eta erlazionatutako domeinuak. Bidaia-bazkidea da Hotel Center-i emango dion erabileraren erantzulea; besteak beste, Kontuetarako sarbidearena eta haien erabilerarena, Kontuen bidez Hotel Center-era bidalitako Edukiarena, eta erabiltzaile-izenen eta pasahitzen babesarena.

 

3. Gidalerroak

a. Hauek arautuko dute Bidaia-bazkideak Hotel Center-i emango dion erabilera: (i) https://support.google.com/hotelprices/topic/11077677 helbidean erabilgarri dauden Google-ren gidalerroak, eta Google-k Bidaia-bazkideari ezagutzera eman dizkion bestelako gidalerro guztiak, Google-k beharrezkoa denean egindako aldaketak barne (guztiak batera, "Gidalerroak”), (ii) Baldintza hauek, eta (iii) Bidaia-bazkideak gorde behar dituen lege aplikagarriak. 

b. Hotel Center-i dagokionez, (i) Google-k bere Pribatutasun-gidalerroak gordeko ditu (google.com/policies/privacy helbidean daude eta beharrezkoa denean aldatuko dira), eta (ii) aplikagarri den neurrian, Google-k eta Bidaia-bazkideak onartu egingo dituzte https://privacy.google.com/businesses/gdprcontrollerterms/ helbidean erabilgarri dauden Datu pertsonalen tratamenduaren arduradunen arteko Google-ren datuak babesteko baldintzak ("Datuak babesteko baldintzak"). Google-k ez ditu aldatuko Datuak babesteko baldintzak, haietan espresuki baimendu bezala izan ezik.

 

4. Bidaia-bazkidearen edukia.

a. Bidaia-bazkideak Edukia mundu osoan eta royaltyrik gabe erabiltzeko lizentzia ezeztaezina ematen dio Google-ri (jabetza intelektualaren eskubideek babesten duten neurrian). Erabilera hori Google-ren edo haren Filialen produktu eta zerbitzuekin erlazionatuta egongo da, eta lege aplikagarriaren arabera jabetza intelektualaren eskubide horiek duten iraupena izango du. Bidaia-bazkideak onartu egiten du Google-k eskubide horien azpilizentziak eman diezazkiekeela Google-ri zerbitzuak ematen dizkioten Filialei eta kontratistei, baita Google-ren erabiltzaileei ere, eduki hori Google-ren edo haren Filialen produktuekin eta zerbitzuekin lotuta erabil dezaten.

b. Bidaia-bazkideak bidalitako Edukiak URLak edo antzeko edukiak baditu, URL horiek ("Helmugak") eta haien bidez erabilgarri dagoen edukia atzitzeko, indexatzeko, cachean gordetzeko edo arakatzeko eskubidea emango dio Bidaia-bazkideak Google-ri.  Adibidez, Google-k software-programa automatizatu bat erabili ahal izango du URL horiekin erlazionatutako webguneak eskuratu eta analizatzeko. Bidaia-bazkideak onartzen du Google-k edo haren Filialek Helmugetatik bildutako edukia Baldintza hauen araberako Edukitzat joko dela, eta haien arabera tratatuko.

c. Hotel Center erabiliz gero, marka komertzialak, zerbitzu-markak, izen komertzialak, logotipo jabedunak, domeinu-izenak eta bestelako iturburu edo enpresa-identifikatzaileak erabiltzeko baimena emango dio Bidaia-bazkideak Google-ri, Google-k Edukia erabiltzeko dauzkan baimenen testuinguruan.

 

5. Probak. Bidaia-bazkideak hauek egiteko baimena ematen die Google-ri eta haren Filialei: (a) Bidaia-bazkideak Zerbitzuak erabiltzeko moduari agian eragingo dioten probak noizean behin egin (besteak beste, Helmugekin, kalitatearekin, sailkapenarekin, errendimenduarekin, formatuarekin eta bestelako doikuntzekin erlazionatutakoak) Bidaia-bazkideari aldez aurretik abisatu gabe, eta (b) Helmugak eskuratu eta analizatzeko prozesua automatizatu, baita haiek atzitzeko probako kredentzialak sortu ere.

 

6. Bermeak.  

a. Baldintza hauek onartzeko ahalmen eta eskuduntza osoa duela bermatzen du alderdi bakoitzak.

b. Bidaia-bazkideak hauek gordetzen eta bermatzen ditu: 

i. 4. klausulan adierazitako lizentziak eta baimenak emateko eskubideak dituela eta mantendu egingo dituela.

ii. Ez duela emango Gidalerroak, lege aplikagarriak edo bestelako pribatutasun-gidalerro aplikagarriak urratzen duen edukirik, ez eta hirugarrenen jabetza intelektualaren eskubideak urratuko duen edukirik ere.

iii. Datuen pribatutasunaren edo datuak babesteko lege eta erregulazioei jarraikiz babestuta egon behar duen pertsona bati buruzko informazioa Google-ri emateko beharrezko eskubide eta baimen guztiak dituela.

iv. Bidaia-bazkideak emandako informazioa eta baimenak (Bidaia-bazkidearen eskaintzak bistaratu ahal izateko produktuei buruz ezagutarazi behar den informazioa barne) osoak, zuzenak eta jadanekoak direla eta hala izaten jarraituko dutela.

c. Baldintza hauen arabera alderdiek dituzten berme bakarrak 6. klausulan (Bermeak) daude adierazita espresuki. 7(b) klausulan (Mugen salbuespenak) araututakoaren arabera, alderdiek ezetsi egingo dituzte Baldintza hauetan adierazita ez dauden zehaztapenak, bermeak eta bestelako baldintzak (salerosgarritasunaren berme inplizituak eta helburu jakin baterako egokitasun-bermea barne).

 

7. Erantzukizun-muga. 7. klausula honetan (Erantzukizun-muga), "erantzukizun" hitzak edozein motatako erantzukizuna esan nahi du; besteak beste, kontratuekin, irainekin (zabarkeria barne) eta bestelakoekin zerikusia duena, alderdietako batek hura aurreikusi edo iragarri ahal izan ala ez.

a. Mugak. Lege aplikagarriak hala onartzen duen neurrian eta 7(b) klausulak ("Mugen salbuespenak") arautzen duenaren arabera:

i. Baldintza hauen ondorioz edo haiekin erlazionatuta, ezein alderdik ez du izango Erantzukizunik diru-sarrerak edo mozkinak galduko balira (zuzenean edo zeharka), edo berezia, zeharkakoa, ustekabekoa edo ondoriozkoa den galerarik gertatuko balitz (indarraldiaren hasiera-datan alderdiek hura iragarri edo aurreikusi ahal izan ala ez).

ii. Baldintza hauen ondorioz edo haiekin erlazionatuta, alderdi bakoitzak izango duen Erantzukizun osoa 25.000 GBP-koa izango da gehienez.

b. Mugen salbuespenak. Baldintza honetan ez dago ezein alderdiren Erantzukizuna salbuesten edo mugatzen duen ezer gai hauekin erlazionatuta:

i. haren langile edo agenteen zabarkeria dela eta sortutako heriotzak edo kalte pertsonalak

ii. iruzurrak edo informazioa faltsutzea

iii. 8. klausularen (Kalte-ordainak) araberako betebeharrak

iv. lege aplikagarriaren arabera Erantzukizuna salbuetsita edo mugatuta eduki ezin duten gaiak

 

8. Kalte-ordainak. Bidaia-bazkideak Google eta haren Filialak, agenteak eta lizentziadunak defendatuko ditu hirugarrenen prozesu juridikoen ondorioz sortutako erantzukizun, kalte, galera, kostu (kostu legalak barne) eta gastuen aurrean, haiek hauekin erlazionatuta dauden neurrian: Bidaia-bazkidearen Edukia, Helmugak, Hotel Center-en erabilera, Hotel Center-ekin erlazionatutako Zerbitzuak edo Bidaia-bazkideak Baldintza hauek urratzea.

 

9. Deuseztatzea. Google-k beretzat erreserbatzen du Bidaia-bazkideak Hotel Center, Zerbitzuak edo Kontuak atzitzeko edo erabiltzeko duen aukera mugatzeko, behin-behinean eteteko edo deuseztatzeko (guztiz edo partzialki) eskubidea, horren berri idatziz emanda (edo 30 egun lehenago jakinarazita, lege aplikagarriak hala eskatuz gero), kasu hauetan: (a) Bidaia-bazkideak Baldintza hauek, Gidalerroak edo lege aplikagarriak urratzen baditu; (b) Google-ri hori egitea eskatzen bazaio lege-eskakizun edo epai-agindu baten bidez; edo (c) Google-k arrazoiz uste badu Bidaia-bazkidearen jarrerak beste Bidaia-bazkide bati, hirugarren bati edo Google-ri kaltea edo eragozpenak sortzen dizkiola. Bidaia-bazkideak uste badu Hotel Center, Zerbitzuak edo Kontua atzitzeko aukera akats baten ondorioz mugatu, behin-behinean eten edo deuseztatu dela, Gidalerroetan adierazitako ihardespen-prozesua gauzatu beharko luke. Bidaia-bazkideak edozein unetan deusezta ditzake Baldintza hauek bere kontua itxita eta Hotel Center erabiltzeari utzita.

 

10. Baldintzak aldatzea. Google-k edozein unetan eta abisatu gabe egin ditzake funtsezkoak ez diren aldaketak Baldintzetan, baina funtsezko aldaketak eginez gero horri buruzko aurretiko ohar bat bidaliko du. Baldintzetan egindako aldaketak ez dira atzeraeraginezko moduan aplikatuko, eta orri honetan argitaratu eta 15 egunera sartuko dira indarrean. Hala ere, legezko arrazoiengatik edo egoera larrietan egindako aldaketak (adibidez, une horretan gertatzen ari diren erabilera okerrak saihesteko) oharra bidali bezain laster aplikatuko dira.

 

11. Legedi aplikagarria eta auzien ebazpena. Ingalaterrako legediak arautuko ditu Baldintza hauen ondorioz edo haiekin erlazionatuta sortzen diren erreklamazio guztiak, eta alderdiak Ingalaterrako epaitegien jurisdikzio esklusiboaren mende egongo dira Baldintza hauekin edo Hotel Center-ekin erlazionatutako auzirik (kontratuzkoak nahiz kontratutik kanpokoak) sortuz gero. . Bidaia-bazkideak egoitza jurisdikzio aplikagarri batean badauka, bitartekotza erabili ahal izango du Baldintza hauekin edo Hotel Center-ekin erlazionatutako Google-ren aurkako auziak ebaztea eskatzeko. Bidaia-bazkideak hemen aurki ditzake Google-k onartzen dituen bitartekoei buruzko xehetasun gehiago eta bitartekotza eskatzeko argibideak. Lege aplikagarriak hala eskatzen ez badu, bitartekotza aukerakoa izango da, eta ez Bidaia-bazkideak ez Google-k ez du izango auziak bitartekotzaren bidez ebazteko betebeharrik.

 

12. Askotarikoak. (a) Baldintza hauek gai honi buruzko kontratu osoa dira, eta aurreko nahiz unean uneko kontratu guztiak ordezten dituzte, Bidaia-bazkideak Baldintza hauek onartu ondoren Hotel Center-era bidalitako Google-ren eta Bidaia-bazkidearen arteko Edukiaren lizentzia-kontratuak barne. (b) Bidaia-bazkideak ez du egingo adierazpen publikorik Baldintza hauetan ezarritako harremanari buruz (legeak eskatuz gero izan ezik). (c) Google-k 10. klausularen arabera Baldintzei egindako aldaketak salbu, Baldintza hauei egin beharreko aldaketak bi alderdiek adostu behar dituzte, eta espresuki adierazi behar da Baldintzak aldatu egingo direla. (d) Deuseztatzeari edo urratzeari buruzko ohar guztiek idatzizkoak izan behar dute eta beste alderdiaren lege-sailari bidali behar zaizkio (gauza jakina ez bada ea beste alderdiak lege-sailik duen ala ez, beste alderdiaren kontaktu nagusiari edo erregistratuta daukan helbidera bidaliko dira oharrak). Mezu elektronikoak idatzizko oharrak dira. Google-ren lege-sailari posta elektroniko bidezko oharrak bidaltzeko, legal-notices@google.com helbidea erabili behar da. Bidaia-bazkideari zuzendutako gainerako oharrak idatzizkoak izango dira, eta Bidaia-bazkidearen kontuarekin erlazionatutako helbide elektronikora bidaliko dira. Google-ri zuzendutako gainerako oharrak idatzizkoak izango dira eta Bidaia-bazkideak Google-n duen kontaktu nagusiari bidaliko zaizkio, edo Google-k eskainitako beste metodo baten bidez bidaliko dira. Idatziz edo elektronikoki oharrak jaso direla berresten denean, haiek eman egin direla joko da. Oharrei buruzko eskakizun hauek ez zaizkie aplikatzen prozesu juridikoen inguruko zitazioei; lege aplikagarriak arautzen ditu haiek. (e) Ez da ulertuko alderdi batek Baldintza hauen indarrez dituen eskubideak ezetsi dituenik haietaz baliatu ez delako (edo berandu baliatu delako haietaz). (f) Baldintza hauetako xedapenen bat aplikaezina bada, kendu egingo da, eta gainerako Baldintzek indarrean egoten jarraituko dute. (g) Bidaia-bazkideak ez dizkio esleituko Baldintza hauen arabera dagozkion eskubide edo betebeharrak beste inori, Google-k aldez aurretik idatzizko baimenik eman gabe. (h) Ez dago Baldintza hauen onuradun den hirugarrenik. (i) Baldintza hauek ez dute sortuko alderdien arteko agentziarik, bazkidetzarik, sozietate taldeaniztunik edo lan-harremanik. (j) Baldintzak iraungi edo deuseztatu ondoren ere, iraun egingo dute 1., 4., 6.-9. eta 11.-12. klausulek. (k) Ezein alderdik edo haren Filialek ez dute izango erantzukizunik Baldintzak egikaritzearen inguruko hutsegite edo atzerapenengatik, haren arrazoizko kontroletik harago dauden baldintzen ondorioz gertatuz gero.